
Txikitan Errioxako San Asension pasatzen genituen oporrak. Hamabi urte nituenean joan ginen azken aldiz. La Estrella salletarren komentu inguruan bizi ginen, eta komentuko pilotaleku, igeritoki, abere eta salletar anaiekin ederki pasatzen genuen, Rufino errioxar zahar eta erdi itsua eta hortzik ez zuen bere emazte Juliaren etxean bizi ginen. Ele eta Inocencioren Ebro ibai ondoko etxea, Roberto postaria eta oparitzen zizkigun santuen irudiak, Jacobo (
cuanto más grande, más bobo esaten genion), Desiderio, Paskual, Inazio eta yoga egiten zuen salletar anaia, Felix artzaina eta bere hitz xelebreak (
bujero, raposa, majuelo…), Hipa izeneko ondoko etxeko atsoa, Azpeitia eta Azkoitiako salletar eskoletako udalekuak…milaka oroitzapen
Tarteka irteeratxoak ere egiten genituen. Gogoan ditut Desiderio anaiarekin Harora egiten genituen bixitak, salletarren DKV zaharrean sartuta. Gure Simca 1200 autoan Logroñora joaten ginen aitatxo, amatxo, Rufino, Julia, Ixiar eta ni. Simago merkatalguneko eskailera automatikoetan gozatu egiten genuen gora eta behera. Esparteroren zaldiaren koskobitoak ere urtero begiratzen genituen. Cenicerora, Nájerara, Brionesera, San Vicente de la Sonsierrara edo Santo Domingo de la Calzadara ere joaten ginen.
Baina gehien atsegin nuen irteera San Millan de la Cogollara egiten genuena zen. Juliak lehengusu bat zuen Yusoko monastegian fraide, eta hari bixita egiteko aitzakiarekin egun ederra pasatzen genuen. Txikia nintzen, baina San Millango bizipenak gogoan ditut oraindik.
Lehenengo gauza Susoko monastegira bixita izaten zen. Toki ederra, berezia. La Demanda mendizerrako magalean, eta San Millango ibarraren ikuspegi ederrarekin. Urtero kontu bera entzuten genuen monastegiko arte bisigodo, mozarabe eta erromanikoari buruz, baina gustora ibiltzen nintzen harrizko zerraldoen artean jolasean. Ipuin baten barrura bidaiatzea bezalakoa zen.
Ondoren Yusora jeisten ginen, gure fraide lagunarekin bazkaltzera. Ez dut inoiz ahaztuko bazkaltzen genuen gela hura: erraldoia zen, 10 metro inguruko luzera izango zuen, eta beste horrenbesteko zabalera. Sapai altua, eta argitxo xume eta txiki bat erdian. Lehio bat ere bai, egurrezko kontralehioekin. Zorua baldosatua zegoen. Baldosa zuri eta beltzak, xake taulan bezala. Eta erdi-erdian egurrezko mahai erraldoia, dotorea. Hor bazkaltzen genuen, errege batek baina gehiagok berarentzako gustora hartuko lituzken aulki dotoreetan exerita. Bazkaria beste fraide batek ekartzen zuen, eta menu osoa ez dut gogoratzen, baina ontzi eder batean ateratzen ziguten zopa bai. Ixiar eta biok jolasean ibiltzen ginen zoruko baldosa batetik bestera saltoka. Eta hotz haundia sentitzen zen. Ipuin baten barrura sartzea bezalakoa zen hura ere.
Bazkalondoan Yusoko monategia bixitatzen genuen. Marfilezko erlikia-ontziak, erdiaroko miniaturak, gaztelaniazko lehen hitzak, euskarazkoak (jzioqui dugu, guec ajutu ez dugu), refektorioa, sakristia, eliza, klaustroa…dena zen ikusgarri eta dena eskura genuen. Begi eta eskuetatik zentimetro gutxitara. Hoberena, harrigarriena liburutegia ikustea izaten zen. Ahoa bete hortz geratzeko modukoa. Neri Julio Verneren liburuetako atal bat iruditzen zitzaidan, edo bestela Sherlock Holmes horrelako tokiren batean ibiliko zela imajinatzen nuen, liburu artean galduta. Sei metro inguruko garaierako apaletan zeuden liburu, kodize, kantu-liburuak…millaka. Bi solairu zituen, eta egurrezko igarobide bat liburutegiko hiru paretetan goiko solairuko liburuetara iristeko. Hori dena begien aurrean edukitzea bizitzaren opari haundi bat bezala dut gordea. Txikiegia nintzen aurrean nuenari zegokion balioa emateko, baina urteak pasatu dira eta oraindik ere zirrara sentitzen dut gogoratzean. Ez bait genuen begien aurrean genuenarekin bakarrik gozatzen, baita eskuen artean genuenarekin.
Oraindik ez dakit fraide hark buruan zer zuen. Ez dakit zertan pentsatzen arituko zen. Fraide hark erdiaroko edo menderik existitzen ez zen mendeetako inkunable, kodize eta kantu-liburuak ikuitzen uzten bait zigun Ixiar eta bioi. 8 eta 10 urte bitarteko bi mukizuri. XII. mendeko 60 kiloko kantu-liburu baten orrialdeak geure eskuekin pasatzen genituen. Kontu haundiz, baina ezjakintasun osoz. Ez genuen edozein liburu hartzen, fraideak emandakoak bakarrik. Baina esku hauetan izan nituen inkunable eta kantu-liburu bat baina gehiago.
Duela 5 bat urte itzuli ginen familia osoa San Millanera. Unescok Gizadiaren ondare izendatuak zituen ordurako Suso eta Yuso, eta txikitako fraide hura zeruaren ondare izango zen aspalditxotik. Jatetxe batean jan genuen orduan. Monastegiko ipuin mundutik oso urrun. Eta monastegira bixita Errioxako gobernuko gidari batekin egin genuen 20 pertsonako taldetan. Asko gozatu nuen bixitaz eta gidariaren azalpenez, txikitako fraide hark esandakoari baino kasu haundiagoa egin nion, eta haren azalpenak askoz hobeki ulertu. Baina liburutegira bixitarik ez. Inolaz ere ez. Ezin inkunableen orriak ukitu, ez eta ez. Ezta liburutegiko atearen zirrikitu batetik barnekaldea begiratu ere egin. Fraide Agustinoen ondare zenean eskasak ziren bixitak. Eta gu bakar bakarrik ibiltzen ginen monastegian, bakarrik liburutegian. Gizadiaren ondare egin eta ezinezkoa jende kopuru haundia liburutegira sartzen uztea, dokumentuen babeserako. Paradoxa ederra: gizadiaren ondare giltzaperatua. Gizadearen ondare denetik gizadiak debekatua du liburutegira sartzea. Arrazoizkoa, baino tristea.
Askotan gogoratzen ditut txikitako bizipen haiek. Eta zer pentsa ere izaten dut: utziko al nieke nire seme eta alaba xomorroei inkunable haiek ikutzen, orriak pasatzen? Utziko al nieke liburutegiko eskaileratan gora eta behera ibiltzen? Bihotzekorik eman gabe bukatuko al nuen bixita?
Ez dakit, baina takikardiatik gertu ibiliko nitekeela iruditzen zait. Xomorroak non, begirada han. Ixo; hori ez ikutu; jeitsi hortik; ez ibili korrika; etorri nere ondora eta antzerako mila esaldi behin eta berriz errepikatuz.
Askotan pentsatu dut alde horretatik behintzat atzera egin dugula. Zenbat alditan errepikatu ote ditut nik antzeko esaldiak xomorroek aitonak Lourdestik ekarritako 3 euroko opariarekin jolasean ari direla? Edo bi xentimo balio ez dituen plastikozko botilarekin? Maiz ikusten dut neure burua, maizegi, erdi aserre praka edo kamixetaren erdian errotulagailu marra bat ikustean. Edo oinetakoak zikindu edo blai eginda ikusterakoan. Edo zerura begira ibiltzeagatik muturreko bat hartzean, koskaren batekin estropozu eginda. Lokatza, putzuak, eskailerak, zikinkeriak, labanak, elektragailuak…ahal izanez gero denak kenduko nituzke xomorroen bidetik behin baina gehiagotan. Gehiegitan.
Lokatzak, pareteko arrastoak, praketako urratuak, koskorrekoak, zauriak…eta beste mila gauza dauzkagu gure seme-alabentzako nahi ez ditugunak. Baina orbainak, zauriak, erropa zikinduak bizitzaren parte dira, irria, poza edo festa bezala. Nigarrik ez dugu nahi, farreak bakarrik. Eta bizitza ez da hori. Bizitzak orbanak eta zauriak uzten bait ditu. XII. mendeko inkunableetako orriek zituzten bezala. Bizi seinale dira. Eta gorputzeko orbain eta zauriak bezala bizi seinale dira arima edo bihotzeko zauriak. Xomorroek bietarikoak dituzte, eta gehiago ere etorriko zaizkie. Min ematen dit xomorroak zaurituta ikusteak, bihotzeko zauriak agertzen zaizkienean batez ere, eta nire xomorroek zauri hauetatik bizi ikaspenak ateratzea besterik ez nuke nahi, ahal dudan neurrian ikaspen hoiek jasotzeko erremintak emanez.
Egun hauetan egin dut topo Albert Casals 19 urteko gazte kataluniarraren istorioarekin. Albert 14 urtekin hasi zen bidaiatzen. Bakarrik eta diru gabe. Dagoeneko ibilia da Frantzia, Alemania, Belgika; Herrialde Beheak, Danimarka, Grezia, Britania Haundia, Tailandia, Singapur, Mexiko, Brasil, Argentina, Maroko, Senegal etabar luze bat. Bakarrik eta diru gabe. Izarpean lo eginez; bazkariaren truke lan eginez; itsasontzietan polizoi gixa sartuz, narkotrafikatzaile batzuen furgonetan bidaiatuz…Orain neska laguna dauka. Eta hurrengo bidaia elkarrekin egin nahi dute. Esparregueratik hasi eta Zeelanda Berriraino. Google Earth bidez neurtua dauka Albertek zein den bere etxearen antipoda zehatza. Zeelanda Berriko landa etxe bat. Eta hara joan nahi du ea “bere etxe azpian” dagoen zeelandar familia ezagutzen duen.
8 urte zituela, Albertek leuzemia izan zuen. Denbora luzez egon behar izan zuen ospitalean. Eta eskolara joan ezin zuenez bere aitak liburuak erosten zizkion ondoren irakurritakoari buruz hitzegiteko. Matematikari, filosofo, fisikari edo soziologoek idatzitako liburuak.
Ordundik Albert gurpildun aulki batean mugitzen da munduan zehar. Diru gabe, bakarrik eta gurpildun aulki batean.
Oso istorio polita iruditzen zait. Baita gogorra ere. Txapela kentzeko modukoa Albertek egiten duena. Eta txapela kentzeko modukoa bere gurasoena. Balore haundia behar da 14 urteko semeari munduan zehar bakarrik ibiltzeko baimena emateko.
San Millango inkunableak bezala zauritua dago jada Albert, eta zauri gehiago jasatea geratzen zaio oraindik. Baita nire xomorroei ere. Ahal dudan neurrian saiatuko naiz Uneskok San Millango liburutegian egin duena ez egiten. Aspaldiko fraide hark bezala egiten. Nik behintzat, benetako inkunableak berriro ikusiko ez ditudan arren, barne barnean bait dauzkat. Oroipen inkunableak. Tarteka-tarteka, biziak orbain eta zauriez gain, laztanak ere ematen bait dizkigu.
Ondoloin!!!
Albert hobeto ezagutu nahi baduzue, hemen doakizue estekatxo interesgarri bat:
43.054198
-2.178115
Atsegin dut:
Atsegin dut Kargatzen...