Artxiboa laburpen hitzeka: krisia

Nekeak hil egiten du!

Manolo, 48 urte inguru, garraiolaria, Malagakoa: demagun Manolok bere kamioiarekin Donostiatik Malagarako bidea egiten duela. Demagun bidean Lazkao, Gasteiz, Jaen eta Granadan kargatu eta deskargatu behar duela daraman merkantzia. Demagun bere kamioieko takografo digitalak (kamioiaren abiadura, geldialdiak, lan orduak neurtzen dituena eta norbaitek “manipula ezina” zela esan zuena) legez Jaeneraino iristeko bakarrik ematen diola. Jaenen gelditu beharko luke eguneko lan orduak errespetatuz gero. Demagun Jaendik Malagara 205 Km daudela eta Manoloren (eta beste guztion) kamioiaren abiadura gehienez 90 km ordukoa dela. Izan behar lukeela. Demagun beraz Manolok egunero bere gidatze denbora gainditzen duela, legez kanpo dabilela.
 
 Demagun Manoloren nagusiak badakiela hori. Jakin bakarrik ez; demagun nagusiaren aginduz dabilela horrela Manolo. Hori bai, bidaia denbora arintze aldera, Manoloren nagusiak Jaenen itxaroten dio Manolori eta kamioia azkarrago deskargatzen lagundu. Tipo jatorra da Manoloren nagusia. 
Demagun ordea egun batean nagusiakesaten diola Manolori ezin izango diola gehiago lagundu Jaenen, bera bakarrik konpondu beharko dela.
Ondorioa: hamaikagarren aldiz Manolok garraio enpresa bat utzi eta beste batean hasi da. Hamaikagarrenez eskeini dizkiote baldintza hobeak. Hamikagarrenez ahazten joango zaizkionak Manoloren hamaikagarren nagusi berriari. 
 
Walter, 45 urte inguru, garraiolaria, Ekuadortarra: demagun Walter Espainiara lehenbizi etorri eta handik Euskal Herrira iritsi dela. Demagun Iruñean alokatutako gelatxo bat duela Walterrek eta emaztea eta familia Almerian utzi dituela. Demagun Walterrek egunean hiru bider egiten duela Lazkao-Bergara-Lazkao bidea  bere kamioiarekin goizean goiz hasita. Demagun bazkaldu kamioiaren kabinan egiten duela eta iha eguneroko menuan “frijoleak” daudela. Demagun afaldu ere bertan egiten duela, eta afaldu ondoren Lazkao-Loiu-Lazkao egin behar izaten duela. Iluntzeko bederatziak aldera hasi, Loiun deskargatu, kargatu eta buelta Lazkaora. Amaitutakoan autoa hartu eta Iruñeako logelara kuluxkatxo bat egin ondoren buelta lanera.
 
Demagun Walterren nagusia ez dela Ekuadortarra. Demagun Debagoienako herri polit batekoa dela. Demagun nagusiak Walter eta honen lankideei ez diela soldata garaiz ordaintzen, bi edo hiru hilabeteko atzerapenarekin ibili ohi dela. Demagun Walter eta lankideak behin baina gehiagotan joan izan direla nagusiaren etxera zor dieten dirua eskatzera. Demagun askotan irten direla 200 edo 300€ kobratu eta gainerakoa laster kobratuko zutelaren hitzak entzunda. Demagun eguberri inguruan ea familia bixitatzera Almeriara noiz joan behar zuen galdetuz gero “Vamos a ver si nos deja unos diítas el jefe…” esaten zuela Walterrek.
 
Demagun Walterrek hanka sartze haundi bat egin duela. Demagun Loiuko biltegian lapurretan harrapatu dutela. Zapatak edo antzerako salgaiak lapurtu dituela. Demagun Walter kaleratua izan dela istantean. Biltegikoak Walterren nagusiari esan eta honek argiaren abiaduran kaleratu duela Walter. Demagun lapur bat kaleratua izan dela, baina lapur nagusiaren langileek baldintza berdinetan jarraitzen dutela lanean; egunen batetan bide bazterren batetan txiki-txiki eginda azalduko diren erdi puskatutako kamioi zaharrekin, eta tarteka-tarteka nagusiaren etxera bixitak egiten jarraituz ea zor dieten dirua noiz kobratuko galdetuz eta bide batez nagusiaren familiaren ongizateari buruzko berebiziko interesa azalduz…
 
Manolo, Walter… Zenbat horrelako? Juanek bere aitak lagunduta egiten zuen Malagarako bidaia.  Legezko gidatze orduak soberan gainditzen zituen Juanek eta horregatik bere aitaren takografo txartelarekin gidatzen zuen askotan. Bere aitak 70 urte inguru izango ditu eta ez dago gidatzeko sasoirik honenean. halere fin-fin berritzen du bere gidatze baimena, baita takografoko txartela ere. Eta halabeharrez bere semearen ondoan joan behar izaten du egunen batean Ertzaintza edo Guardiazibilek gelditzen badute aitak berak gidari dijoanaren plantak egiteko. Juan autonomoa da. Antoniok bere poltsikotik 3000€ jarri behar izan ditu kamioiari gasoila botatzeko. Bideko gasolindegi askotan ez dizkiote nagusiaren kreditu txartelak onartzen, N-I errepideko bazter guztietan zorrak bait ditu Antonioren nagusiak. Dirurik jarri gabe ezin etxera heldu astean egun eskas batetan behintzat emaztea eta familiari kaso egiteko. 60 urte pasatxo ditu Antoniok eta bizkarra txiki-txiki eginda. Uztailetik ez du xoxik kobratu Antoniok.
 
Manolo, Walter, Juan, Antonio… demagun asmatutako izenak direla eta hau amesgaizto bat izan dela. Errealitatearekin zer ikusirik ez duena.
 
Nazioarteko Garraio Federazioak “Nekeak hil egiten du!” lemapean urtero egin ohi duen kanpainari ekin dio aste honetan ELA Sindikatuak. Nekeak hil egiten du eta nekea garraiolari askok jasaten dituzten esklabutza baldintzek sortzen dute.
 
 
Piska baterako lana badegu… 

Argazkia: ELA-Euskal Sindikatua

Mila eta bat arrazoi greba orokorrerako

Manu Robles-Arangiz Fundazioak eginiko aurkezpena