Denok izaten ditugu egunero lehia txikiak inguruko norbaitekin ezta? Nik badut nerea behintzat. Iha egunero egin ohi dudan gauza bat irratia lantokian piztea izaten da. Ez dakit nola kristo dabilen oraindik martxan tramankulu zahar hori. Kasetak sartzeko atetxoak falta zaizkio eta kobrezko hari bat jarri dio norbaitek antenaren lanak egiteko.
Kuriosoa da, eta hemen dator lehia, baina bada inguruan norbait irratiaren “zarata” jasan ezin duena. Ulertzekoa. Kamioien motorren zaratak, burnizko nasen gainetik pasatzen diren orga altxatzaileen talkak, bozina hotsek, erreboluzioak topera igota dabitzan fenwick-ek ez diote ordea belarri zuloetan zauririk eragiten. Irratiak bai. Normalean nik piztutako irratia misteriotsuki itzaltzen da ingurutik alde egiten dudanean. Kuriosogoa da oraindik irratia nik pizten dudanean bakarrik egiten diola traba nire inguruko troglodita horri. Beste batzuek pizten dutenean hor geratu ohi da arratsalde guztian piztuta. Zer esanik ez gizadiarentzat hain funtsezko den futbola baldin badago nonbait. Jakina da belarrientzat askoz ere jasankorragoa dela kirol esatariaren garraisi luzea Luch-Energiya Vladivostokeko aurrelariak gola sartzen duenean, edozein kanta zaratatsu baino. Eta askoz ere interesgarriagoa gainera! Denok ezagutu beharrekoak bait dira FC Luch-Energiya Vladivostokeko hamaikakoa osatzen dutenen izenak.
Atzo ere berdin pasatu zen. Nik irratia piztu eta norbaitek itzaldu. Baino atzokoa mundiala izan zen, Ginness errekorra gainditu bait zuen nire inguruko gizaseme triste horrek. 5 minutu ez zituen iraun irratiak piztuta.
Irratia medio dugun “gerra hotz” honek jarraipena izango du gaur, eta bihar. Eta beti-beti, eta ez daki nire lagun misteriotsu honek zenbat eskertzen diodan, “Cadena Perpetua” filmako zatitxo hau ekartzen dit burura:
Le Nozze de Figaro operaren aria paregabea da. W.A. Mozartena. Hemen duzue Cecilia Bartoli eta Renee Flemingek abestua:
Zoritxarrez lantokia eta Shawshankeko kartzelaren artean parekotasun haundiagoa emango liokeen irratiko kanta ez zen ez opera bat eta ezta antzeko kanta glamourosoa. Baina bazuen bere grazia. Hau da irratia itzaldu zuenari belarrian min ematen zion kanta:
Egia esan ez nuen kanta ezagutzen, eta ulertu zertxobait besterik ez. Horregatik etxera iristerakoan hasi nintzen sarean begira, eta horregatik eraman nuen izugarrizko sorpresa behin eta berriz Martin Luther King edo gospel kantuekin topo egiten nuenean. Erabat harrituta gelditu nintzen kanta hau Estatu Batuetako esklabu beltzek abesten zutela jakitean. Harrituta 60. hamarkadan Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko taldeek erabiltzen zutela jakitean. Harrituta Luther Kingek hitzaldi edo sermoi batzuetan erabili zuela jakitean. Harrituta Peter Seeger edo Joan Baezek munduan zabaldu zutela jakitean. Harrituta 1982an Argentinako diktadurapean Jairok Uztailaren 9ko etorbidean bertsio bat abestu zuela jakitean. Harrituta Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Aldeko Elkarteak bere martxetan “We shall overcom” esaldia erabiltzen zuela jakitean. Harrituta Bruce Springsteen, Diana Ross, Bob Dylan edo Louis Armstrongek, besteak beste, abestu zutela jakitean. Eta harrituta Roger Watersek 2010 urte haseran egin zen Gazaren askatasunaren aldeko martxa eta bertan parte hartu zuten 42 herrialdetako 1500 pertsonen omenez ekoiztu zuen bertsioa zela nik irratian entzun nuena jakitean.
Eta noski, orduantxe ulertu nuen nire inguruko tipo irratifobikoak nire hobe beharrez itzali zuela irratia. Izan ere oso arriskutsua bait da zenbait inguru eta jenderen aurrean horrelako kantak zabaltzea. Oso harriskutsua bait da irratia. Shawshankeko musika bezala.
Nik entzun ditudan bertsioetatik ondorengo hau da barruraino sartu zaidana:
Eta ingelera nire tankerakoa baduzue hemen nik gazteleratik egin dudan itzulpena:
Garaituko dugu, garaituko dugu. Garaituko dugu egunen batean. Sinisten dut, bihotz bihotzez. Garaituko dugu, egunen batean. Eskutik helduta ibiliko gara, eskutik helduta ibiliko gara. Eskutik helduta ibiliko gara egunen batean. Sinisten dut, bihotz bihotzez. Garaituko dugu, egunen batean. Mundu osoa, mundu osoa. Mundu osoa egunen batean. Sinisten dut, bihotz bihotzez. Garaituko dugu, egunen batean. Ez dugu beldurrik, ez dugu beldurrik. Ez dugu beldurrik gaur. Sinisten dut, bihotz bihotzez Garaituko dugu, egunen batean.Eta pena, baina aurkitu ez dudana Martin Luther Kingen hitzaldi (edo sermoi) honen itzulpena da. Ezer gutxi ulertzen dut, baina oilo ipurdia jartzen zait hitz hauek entzutean. Zuei ez dakit, baina neri kaleak hankaz gora jartzeko gogoa pizten didate.



