Artxiboa laburpen hitzeka: ekonomia

Made in India

“Nekez uzten du bere sorterria Fabrikako lehioa
sustraiak han dituenak”
                   Joseba Sarrionandia. 
 
Urteak ziren azeneko aldiz biltegi horretan izan ez nintzela. Duela hamar urte inguru joan nintzen azken aldiz bertara. Urola Garaiko enpresa erraldoi, enpresa eta ikur denaren biltegi horretara. 
 
Gogoan dut nola ibili ohi ginen garraiolariak duela hamar urte biltegi horretan. Kamioia non uzteko tokirik ez, presak, urgentziak, “ni lehenango iritsi neok”, “utzi neri pasatzen takografoa justu zemarreat eta”… Muturrekoka hastea besterik ez zen falta. Nork daki zenbat kamioi eta zenbat produktu eta gailu ateratzen ziren biltegi horretatik egun bakarrean. 
 
Duela gutxi bueltatu nintzen berriz. Bertara joan behar nuela agindu zidatenean madarikazioka hasi nintzen; ez nuen batere gogorik zalaparta artean ibiltzekoa, batek txanda pasa egin duela, besteak gaizki aparkatu duela… Horrelako lantegi haundietan gainera badakizu noiz sartzen zaren kargatzera, baino noiz aterako zaren jakin nahi izatea utopia haundia da. 
 
Iritsi eta berehala lehenengo sorpresa: ni bakarrik biltegi aurrean. Nahastu egin ote nintzen edo pentsatu nuen. Kamioia txukun-txukun aparkatu eta barrura sartu nintzen arduradun baten bila edo. Kanpoan ni bakarrik, baita barruan ere. Inor ez. Makina guztiak geldirik, isiltasuna, hautsa… aktibitate arrastorik ez. 10 minutu inguru egin nituen batera eta bestera hain presazkoak ziren merkantziak kargatuko zizkidanaren bila. Ondoko lantegira joan eta han zeuden hiru langileek egoera hauetan gehien gorroto dudan erantzuna: “ni ez naiz biltegikoa”. – Bai gizona, badakit ez zarela biltegikoa, bestela biltegian egongo zinateke. Baina non egon daiteke biltegiko tipoa? “Bilatu hortik”. Bale. Mila miloi esker. Kabroia.
 
Hamar minutu inguru beranduago beste kamioi bat. Iñigo zen. Enpresako lantegien artean gailuak garraiatzen dituenetako bat. Ez dakit neure aurpegian zerbait nabaritu zuen edo, baina segituan “akordatzen haiz nola ibiltzen ginutzean hemen elkarri mokoka?” Hizketan hasi eta berehala lantegiko isiltasun mingarri horrentzako azalpena Iñigok: “orain Indian egin eta bertatik ekartzen dizkitek hemengo altzairuzko ekoizkin haiek”.  Hizketan hasi berarekin eta biltegiko bazterrak erakusten hasi zitzaidan nonbaitetik azkenik agertu zen tipoak kamioia kargatzen zidan bitartean.
 
Dena geldi, garai bateko taladrina usainaren arrastorik ere ez… eta halako batean han non ikusi nuen mahai gaineko flexo tankerako argi bat piztuta bazter batean, eta ondoan altzairua zizelkatzeko airezko presiozko tresna bat. Aktibitate aztarna bakarra. Eta segituan Iñigoren azalpenak: “aste hontan suerteaz gaituk, lan piska bat bazegok behintzat. Indiarrek hanka sartu ditek eta hura zuzentzen lana bazegok behintzat! Altzairuzko gailuz betetako kontainer bat iritsi huan astelehenean eta gailu guztietan “Made in India” jartzen dik. Hemengo erosleek ez omen dizkitek gustoko han ekoiztutako gailuak eta horregatik normalean “Made in India” gabe bidaltzen dizkitek. Hurrengo hamabost bat egunetan hemen arituko dek langile bat “Made in India” hori zizelkatzailearekin ezabatuz eta gero berriz margotu beharko dizkitek gailu guztiak”
 
Enpin… ez noa ni jokabide iruzurti konkretu horretan (egin dezagun Indian, baina ez dadila nabaritu…) sartzera. Ezta enpresa sakrosantu horrek eta bere sortzaile ahalguztidunak herriari eta bailara osoari ekarri dizkion onurak zalantzan jartzera; geroz eta zailagoa zait ordea “Euskal enpresa” terminoa aplikatu ahal izatea. Noizbait existitu al dira euskal enpresak? Enpresek ba ote dute nazionalitaterik? Esan al dezaket “Usurbilgo enpresa?”, “Beasaingo enpresa?” Kapitala mugitzeko mugarik ez dagoen egun hauetan ez dut uste enpresa bat nazionalitate batekin lotu dezakegunik, zoritxarrez. Eta mugarik ezak agerian utzi du betitik izan dena nahiz eta diximuloan egon orainarte: kapitalaren eta honen jabeen erro eta lotura eskasa toki, herri, bailara, nazio batekiko. Kapitalaren aberriaren mugak patriketako mugak dira.
 
Enpresa sakrosantuak ez dira gutxi gure inguruetan, ez dira zoritxarrez Urola-garaiko patrimonio. Nigandik gerturago beste eredu bat noizbait Beasaingo izan zen CAF enpresarena. Enpresaren oparutasunak eta miloika eurotako irabaziek aspalditxotik ez dute erlaziorik inguruko ehundaka lantoki txikiengan ezta CAF-eko langileentzako ere. Enpresa ondo joateak ez dakar lasaitasunik langileentzat, ezta garai bateko “Fabrika haundie” bailarako ekonomiaren zentru duten milaka Goierritarrentzako ere. 
 
Batzuen irabaziek islarik ez badute inguruan, auzoan, herria, bailaran… enpresa modeloa aldatu beharrean gaude. Bai ala bai. Nik behintzat argi daukat sustraidun enpresak direla behar ditugunak. Bertakoak eta kapitala eta irabaziak pilatzea helburu ez dituztenak.
 
Haseran jarri ditudan Sarrionandiaren hitzetara bueltatu nahi nuke eta hainbat lantoki erdi abandonatuetako bozgorailuetatik jarriko nuke poema hori musikatu zuen Laboaren kanta. Ea garai bateko jauntxoen oinordeko diren enpresaburu ahalguztidunek entzun ahal dezaketen fabrika ondoan dituzten txalet eta jauregitxoetatik. 
 
 

Liburu bat ondo hasteko modua

Ez dut irakurri, erosi ere ez dut egin, baina badakit liburu bateko eskertzen atalean hau irakur daitekeela:
 
“Agradecimientos:
Quiero dar las gracias a los que por su protesta serán reprimidos, golpeados, mutilados, detenidos e incomunicados por nuestras gloriosas fuerzas del orden. A todos los periodistas que se verán censurados o procesados y a los que saldrán hostiados. A todos los que serán desahuciados, despedidos y explotados. A los expulsados y a los enfermos. A los que en los próximos años comprobarán cuan democrática es nuestra democracia y cuan libre es nuestro mercado. Sin todos ellos lo que aquí queda escrito carecerá de sentido.”

 
Liburua Antonio Baños Boncompain-en “Posteconomía” da, “Los libros del lince” argitaletxekoa. 
Zuek ez dakit, baina nik badakit zein liburu irakurri nahi dudan oraingoa amaitzean.