
Blogak
Klik! Argazki bilduma
@Txapisotegi Twitterren
- @txargain zu ere feisbuken zaude? Jooooño! Ez dut kenduta ba! Lore eta abioiena ikaragarria. 6 hours ago
- @txargain ni aurten lehenbiziko aldiz. Musulmanak Mekara bezala euskal herritarrak Gernikara joan behar genuke. Komoaidios. 6 hours ago
- @txargain ea orain facebook.com/photo.php?v=30… 6 hours ago
- @txargain horixe da. Natxo negarrez Gernikako sirena eta kanpaiak jo eta jo ari direla. Bihotza erdibitzeko soinuak. Gizakienak behintzat 6 hours ago
- @txargain aurten apirilaren 26an Gernikan izateko ohorea izan dut gainera facebook.com/photo.php?v=30… han azaltzeko potroik ez putakume horrek 6 hours ago
-

xomorrito is licensed under a Creative Commons Reconocimiento 3.0 Unported License.
Creado a partir de la obra en http://xomorrito.com/. Meta
Kontu zaharrak
- Maiatza 2013 (2)
- Apirila 2013 (3)
- Martxoa 2013 (1)
- Otsaila 2013 (9)
- Urtarrila 2013 (4)
- Abendua 2012 (2)
- Azaroa 2012 (5)
- Urria 2012 (3)
- Iraila 2012 (6)
- Abuztua 2012 (2)
- Uztaila 2012 (6)
- Ekaina 2012 (6)
- Maiatza 2012 (8)
- Apirila 2012 (2)
- Martxoa 2012 (2)
- Otsaila 2012 (1)
- Urtarrila 2012 (6)
- Abendua 2011 (4)
- Uztaila 2011 (2)
- Ekaina 2011 (5)
- Maiatza 2011 (7)
- Martxoa 2011 (2)
- Otsaila 2011 (6)
- Urtarrila 2011 (7)
- Abendua 2010 (3)
Laburpen hitzak
ahotsak argazkia askatasuna asteko hoberena Atez-ate azoka Bakalhau borroka Demokrazia demokrazia Egipto ekonomia ELA sindikatua Elkarrizketa eraldaketa eskubideak Euskal Herria Euskara Gabiria garraioa Gipuzkoa Goierri Grebaorokorra iraultza Itsasondo klik krisia kultura lana lantokia M-15 matxinada mugikorra Murgil Negua Ordizia politika sarea sare sozialak seme-alabak storify suminduak Tabakoa Twitter txio astea
Artxiboa laburpen hitzeka: eguberria
HATOR HATOR
Gabonak badoaz piskanaka baina nik hemen jarraitzen dut egun hauetako gauzatxoetatik idazteko aitzakiak bilatzen. Oraingoan Euskal Herrian ezagunenetakoa den gabon kanta bat dut buruan: Hator, hator mutil etxera.
Egun hauetan maiz azaldu dira gure etxean Pirritx eta Porrotx eta beraien tropa guztia. Inoiz ez naiz gai izango seme-alabak dibertitzen eta beraien aitatxori arnas piska bat hartzeko ematen duten laguntza eskertzeko. Oraingoan gainera Irrien Kluba sortu dute eta bertako web orrialdean ziento bat bideo daude etxeko txikien pozerako. Aurrekoan hor saltseatzen ibili ginen nire xomorritoak eta ni, eta ahoa bete hortz gelditu nintzen lehenbiziko bideoa hasi bezain pronto. Bideoan Hator, hator kanta abesten agertzen dira gure pailazoak, baina aldaketa txiki bat egin diote kantaren hitzei. Horrela, kanta herrikoiaren “Hator, hator mutil etxera…” “Hator, neska mutil etxera…”-gatik aldatu dute.
Ez noa nire iritzia emateko mila buelta ematera buruari. Ez zait ongi iruditzen. Pentsatzen dut berdintasunagatik egingo dutela, neskak ez baztertuta sentitzeko edo antzerako arrazoi batengatik. Badakizue: hizkuntza sexista aldatu beharrean gaude gizon eta emakume arteko berdintasunean pausoak emateko. Baino, ez al dago gure gizartean nahiko diskriminaziorik horrelako xixtrinkerietan hasteko? Beharrezkoa al da kanta herrikoi baten hitzak aldatzea? Emakumerik ba ote zegoen kanta honekin baztertua sentitzen zenik? Agian bai, nork daki. Niri ordea ez zait ongi iruditzen, eta piska bat arriskutsua ere iruditzen zait, kanta herrikoien hitza aldatzetik erraz pasa bait daiteke historiako gertakariak aldatzen hastera norberari komeni zaion itsurara. Gainera ez dut inoiz ulertuko zergatik ikusten duten horrelako txikikeria batean diskriminazio arrazoi bat. Horrelako begi zorrotzekin euskal kantak irakurtzen hasiz gero jai dugu. Zer egingo dugu “Agur Jaunak” kanta iha sakratuarekin? Laboaren “Haika mutil” ere aldatu behar ote digute? “Itziarren semea”? Neri behintzat astakeria bat iruditzen zait. Eta astakeria haundiago izango litzateke Bilintxen bertsoak aldatzen hastea, edo Lauaxeta edo Lizardiren poemak…
Iruditzen zaidana askotan hitzak modu literalean irakurtzen dituztela da (Urrungo herri batzutan badaude hitzak modu literalean irakurtzen dituztenak, eta haiei taliban edo fundamentalista deitzen diegu…), eta noski libre dira irakurketa literalak egiteko, niri atsegin ez arren. Baina zera iradoki nahi nuke: ez ezazue kantaren zati bat bakarrik irakurri literalki, zergatik ez dugu kanta osoarekin berdina egiten? Horrela izan daiteke bertsio berria:
Hator neska mutil etxera
Txerriki azpizuna hostorez bildua eta sagar saltsarekin jatera.
“Gaztaina ximelak” kendu egin dut, bai. Ez dut uste gaur egun jende asko joango denik etxera gaztainak jatera, eta euskaldunon dieta osasuntsuaren izenean beharrezkoa dugu gure seme alabengan dietarekiko sentsibilizazio bat bultzatzea. Baina ez nago ziur ondo egin dudanez…Ez ote zaizkit Euskal Herriko Gaztaina Ekoizle eta Saltzaileak (EHGES) taldekoak aserretuko beraien sektorea krisian dagoelako, eta kanta horretatik kentzeak kalte izugarria egingo dielako? Ba ote dago horrelako talderik?
Eta bai, berriro gertatu zait. Hasi naiz buruari buelta eta buelta ematen eta zalantzak atera zaizkit beste euskal kanta ezagun batzu berrikusten hasterakoan. Adibidez:
“Zain dago ama,
zain aita.
Zain andre ta lagunak”
Azter ditzagun hitz hauek: hasera batean ez dago diskriminazio arrastorik, baina hobe begiratu eta zer edo zer aterako da. Noren zain daude aita, ama, andre eta lagunak? Emakume baten zain edo gizaseme baten zain? Andre dionez erraz pentsa dezakegu gure protagonista gizonezkoa dela, baina horrek gure ezkontzarekiko aurreiritzia azaleratzeko besterik ez du balio. Gaur egungo legediarekin, zorionez, bi emakume ezkontzea posible bait da. Arrazoitze hau jarraituz aurki dezakegu sexu diskriminazioaren arrastoa kanta honetan: ez dakigu protagonista emakumea edo gizona den, baina garbi dago ez dela gizonezko homosexuala, senarrik ez bait du zain. Beraz Euskal Herriko homosexual kolektiboak izango luke arrazoirik kantako hitzak aldatzeko.
Askotan zera iruditzen zait, hizkuntza sexista baino belarri sexista edo hipersentsiblez inguratuta gaudela. Eta gehienetan hipersentsibilitate hori emakumezkoen alderako izaten da, kontrako adibideak egon arren inork ez bait du ezer askorik esaten. Adibidez: zenbat putaseme ezagutzen dituzue? Asko ezta? Nire koinatuaren aitak dion bezala demostratua dago gizadiaren ehuneko 12 putasemez osatua dagoela. Baina zenbat putaalaba ezagutzen dituzue? Konturatu al zerate Espainian emagalduek semeak eta alabak izaten dituztela baina Euskal Herrian semeak besterik ez? Hau ote da espainiarren eta euskaldunon arteko bereizgarri berri bat RH negatiboarekin batera? Gainera hobeto hitzegiteko, nire lagun Gabirik esaten zuen bezala, semeputa esan beharko genuke, bere amak ez bait du errurik.
Ez nazazue oso serioski har, humore pixka bat jarri nahi diot gaiari. Besterik ez. Serio jarri ezgero gustura esango nieke gauzatxo bat Irrien Klubekoei:
Pirritx, Porrotx eta Marimotots: oso ongi iruditzen zait gai hoiekin sentsibilizatuak egotea, eta iradokizun txiki bat egin nahi nizueke. Zuen antzezlanetako antagonistak beti izaten dira berekoiak, handinahiak, diruzaleak, espekulatzaileak…eta beti gizonezkoak. Hor dituzue Nikasio jauna eta On Eurolio adibidez. Agian diskriminazio positiboa izango da, baina tarteka-tarteka ez legoke batere gaizki emakumezko espekulatzaileak, emakume handinahiak, emakume berekoiak zuen lanetan sartzea, emakumeek ere eskubide guztia bait dute gizonezkoak adina putaalaba izateko.
Bide batez zorionik beroenak Pirritx, Pupu eta Loreri.
URTE BERRI ON DENOI!!!!
Uncategorized atalean publikatua
berdintasuna, diskriminazioa, eguberria, gabonak, hizkuntza sexista, Mari Domingi, olentzero, Pirritx eta Porrotx hitzekin laburtua
Olentzero
Lan gogorra du Olentzerok mendian bizi den bitartean. Ikazkinaren lana eta bizimodua ez da batere erraza. Baina sasoi hauetan Olentzerok bere lana aldatzen du, eta nik lan horretaz egin nahi dut gaurkoan.
Atzo eta gaur Olentzero lanean ibili da gure inguruan. Gure etxeko Olentzero azken orduan mugitzen hasten den hoietakoa da, eta biziki nabaritu du aurten lanak beranduxeagorako uzteko akats hori.
Maddalen eta Unaik aspaldi zuten egina aurtengo oparien eskaria, eta zerrenda hartuta hor abiatu zen Olentzero Olaberriko supermerkatu batera, ordubete eskasean bere eginbeharra betetzeko asmoz, gajoa… Segituan hasi ziren buruhausteak. “Mila eta Malo? Aspaldian agortuta dago” Esan zion Olentzerori dendako langile batek. Erabat harrituta geratu zen Olentzero, ikusiak bait zituen Mila eta Malo anai-arreba biki hoien panpinak eta ez zitzaizkion batere erakargarriak iruditu. Ez zen erraz etsi gure Olentzero, eta asto gainean Beasaingo jostailu denda batera joan zen. ”Mila eta Malo? Aspaldian agortuta dago” Berriro erantzun hori!!! Koxkobitoak puzten hasi zitzaizkion, baina burugogorkeria ezaugarri duenez, eta Maddalenen eskaera bete nahi zuenez Donostiako jostailu denda erraldoi batera abiatu zen asto gainean. Ze erantzun ote zion dendako langileak Olentzerori? Ba bai, “Aspaldian agortua dago”. Handik ondoko supermerkatura, eta panpinen albisterik ez. Missing… Etxera bidean Usurbilgo supermerkatu baten aurretik pasa behar duenez bertan begiratzea erabaki du, santu guztiei errezatuz. Astoa despistatu eta bidegurutzean aurrera hor doa, Lasartetik Andoain aldera. Asto istripu bat, asto ilarak…Zubietara sartzeko bidean buelta erdi eta berriro Lasartera. Usurbilgo bidea pasatu eta Lasarte erdialdera, erdialdetik atera eta berriro Usurbil bidera. Astoa porru eginda dagoeneko. Eta supermerkatuan zer? ”Mila eta Malo? Aspaldian agortuta dago”. “Aitaren, semearen eta espiritu santuaren izenean…” Astoa lehertuta eta Olentzero erabat etsita. Etxera buelta, piska bat jan eta ikastolara, bi xomorroen bila.
Iluntzean oraindik Olentzeroren burua sutan dabil, ez daki non, nola, zer egin ditsozosko Mila eta Malo lortzeko. Xomorroak dutxan sartu eta tartetxo hortan ordenagailuan bila hasten da: Agortua inguruko 1000 kilometrotan!! Mekasuen Mari Domingi!!!
Dutxara itzuli eta burua lehertzeko duen unean beste aukera batzuk bilatzeko pausoak ematen hasten da:
- Maddalen, zer eskatu zenion Olentzerori? (une berean santu guztiei errezatuz)
- Bebo bebo pintane.- erantzun Maddalenek Olentzerori errieta eginez joan den astean esandakoa ahaztua duelakoan…-
Ez noa hemen jartzera Olentzeroren burutik pasatu ziren birao eta madarikazioak. 140 bat kilometro asto gainean ezertarako…Oraingoan ordea taktika aldatzea erabaki du Olentzerok. Zuzenean ordenagailura eta Bebo bebo pintane zen den bilatzera. Horrela konturatu da panpinaren izena Pepo píntame dela, eta jostailu dendako webgunean bertako telefonoa aurkitu eta ziztu bizian deitu du, astoan alperrikako bidaiarik ez egiteko. ”En este momento tenemos existencias” erantzun dio Olentzerori bezeroen arretarako neska jator batek. “En este momento…? Mugi hadi edo batere gabe geratuko haiz” Pentsatu du Olentzerok.
Gaur goizean beraz, xomorroak ikastolan utzi, astoan igo eta ziztu bizian Donostiara. Eta han, apal baten azpikaldean, ehundaka jostailu dizdiratsuen artean…Pepo píntameren hiru kaxatxo. Erabat ziztrina iruditu zaio panpina baino ze ingo deu ba…altza porruuuu!!!!!! Asto gainera igo eta buelta ikastolara, Olentzeroren jaialdia bait dago, eta noski, ezin Olentzeroren jaialdirik egin Olentzero gabe.
Esperientzia zirraragarri honen ondoren gauzatxo batzuk argi dauzkat:
1.- Hobe Olentzero 2.0 ikazkin zaharra baino.
2.- Hobe asto@ lau hankaduna baino.
3.- I-katza hobe erregai beltz zikina baino.
Olentzero jauna: ikazkinaren lana ez duk erraza izango, baina eguberri inguruan duan lana gogorragoa iruditzen zaidak, eta bestela galde hiezaiok hire asto kuttunari.
Zorionak egun hauetan lan eta lan zabiltzaten guztiei, gogoan zaituztet. Gehiegi konplikatzen ez ote gara ari?
Eguberri on denoi!!!
Uncategorized atalean publikatua
desesperazioa, eguberria, gabonak, Mari Domingi, Mila y Malo, Olentzero, opariak, seme-alabak hitzekin laburtua


