Beno, beno!
Zer kakanahastea Madrilgo plaza nagusian ezta? Beno, eta egia esan ez da Madrilen bakarrik gertatzen ari, baita estatuko beste hiriburu batzuetan. Ez dut uste politikariak oso urduri egongo direnik, nahikoa lan bait dute igandeko hauteskundeetarako dozena bat boto biltzen. Halere, nahiz eta urduri ez egon, zihur nago zer pentsatu emango diela pare bat egunetan behinik behin.Zeeeer? Badagoela? Ehhh? Eta ni enteratu gabe! Ez, ez, ez dut esaten ekonomia ministegi birtual honekin nahikoa dugunik. Benetazko ekonomia ministegi bat nahi nuke.
Begira, beti esan zaigu estatuak hiru botere dituela: legislatiboa, exekutiboa eta judiziala. Eta askotan esan ohi zaigu demokrazia batetan herritarrok aukeratzen ditugula gure ordezkariak eta geure izenean botere hauek kudeatuko dituztenak. Bai? Ados al gaude? Ba beno, demokrazia osoa izateko beharrezkoa da hiru botere hauek kudeatzeko baliabideak edukitzea, hau da, gure ordezkariek, guk hautatutakoek izatea baliabideen kontrola. Eta baliabide hoien artean baten kontrola edukitzea: ekonomiarena. Zaila iruditzen bait zait justizia, exekutiboa eta legislatiboa xoxik gabe aurrera ateratzea. Gure hautetsiek guk zerga bidez ordaindutakoa kudeatu behar dute, eta kudeaketa horretan herritarrak izan behar dugu protagonista. Gure xoxak ez bait ditugu beste batzuk aberasteko ordaintzen. Ezta Chicago, New York edo Bilboko burtsan gure dirua “inbertitzeko”. Larria izango litzateke edonongo demokraziarentzat egoera horretara iristea, baina gu urrunago joan gara.
Gure gobernuek aspalditxotik galdua dute ekonomiaren kontrola. Gehiago esatera noa: ekonomiak aspalditxotik kontrolatzen ditu geure gobernuak. Eta ez dut esan nahi geure agintariak ustelak direnik, denetik egongo da. Diodana zera da: botere ekonomikoa demokrazien kontroletik kanpo dagoela. Legerik gabeko mundua da ekonomia; juztiziarik gabekoa; baina botere exekutibo haundia du. Xoxik gabe geure gobernuek ezin bait dute beraien kabuz politikarik aurrera atera. Ez herriaren alde, ezta kontra ere. Horrela izanik, geure ordezkarien egiteko bakarra botere ekonomikoaren alde egitea da, estatu asko baina haundiagoak diren enpresen aurrean belauniko ibiltzea, bestela xoxik gabe geratzen bait da geure demokrazia. Eta herritarrak iruzurtuak sentitzen gara.
Ekonomia, azken aldi honetan hain famatu egin diren “merkatuak”, legez kanpo dabiltza. Demokraziak parentesi bat egin eta bertan sartuta edukiko balitu bezala. Salbuespen bat bezala. Legeak egiten ditugu, baina guretzat, ekonomia bere aldetik bait dabil eta ezin bait da erregulatu. Ez zaigu komeni. Justizia badugu, baina ekonomiaren helburua ez da inoiz aberastasunen banaketa justua, eta hau horrela idaztea eufemismo erraldoia iruditzen zait. Aberastasuna geroz eta jende gutxiagoren eskuetan bait dago, kriminalki banatua bait dago. Merkatuen joan etorrien arabera sortzen diren gosete, guda, mixeria etab. geure justizia epaitegietatik kanpo geratzen dira. Ekonomia salbuespen egoera mugagabe batean bizi da.
Boterea herriarengan dagoela ukaezina da. Baina botere honi edukia kendu diotela ere bai. Garai batean demokraziaren aurkako altxamendu edo estatu kolpeak izaten ziren, baina hoiek aspaldiko kontuak dira. Gaur egun ez da beharrezkoa arma bidezko erasorik egitea inongo demokraziaren aurka. Justizia, kirolak, etxebizitza, arrantza, industria eta gainerako egin beharrak geure gain utzi dizkigute, baina ekonomiaren kontrola bereganatu dute. Eta horrela zaila izaten da etxebizitza politika, inmigazio politika, industria eta innobazio politika etab. aurrera ateratzea. Hegoafrikan badute horren berri. Apartheidaren amaieran, Mandelak hauteskundeak irabazi ondoren segituan hasi ziren elkarrizketak aparthaidaren gobernu motatik demokrazia berrira saltoa nola egin erabakitzeko. Eta elkarrizketa hoien ondorioz Hegoafrikako beltzek lehen aldiz sentitu ahal izan zituzten demokrazia berriaren lehen pausoak. Gobernua beraiek kontrolatzen zuten. Baina… Ekonomiaren kontrola Mandelaren gobernuaren kontroletik kanpora geratu zen, gobernu berriak ez zuen Banku Zentrala kontrolatzen “independientea” izango zen. Nork zuen Banku Zentralaren kontrola? Noski, Apartheida kudeatzen zutenek. Eta horrela gertatu zen gertatu zena: herritarrak aske sentitu ziren aspaldiko partez, demokrazian bizi ziren lehenengo aldiz… baina haien hautetsiek, Mandelaren gobernuak ezin izan zuen ANC alderdiak herritarrei agindutako politikarik aurrera eraman. Etxebizitza berrien eraikitzea, ospitaleak, ura eta argindarra etxe guztietara eramatea, ikastetxe publikoak… Jokaldi biribila apartheida babesten zuen gutxiengo zurientzat: beltzak aske sentitzen ziren baina oraindik gutxiengoak kontrolatzen zuen gehiengoaren politika.
Ba beno, jokamolde hau ez da berria, ez da gaur goizekoa, baina garai batean diximuloz egiten ziguten eta azken urte hauetan ez dira diximulatzen saiatu ere egin. Lotsa, errespetua eta beldurra galdu dituzte. Guk hezkuntza, etxebizitza, jubilazioak, soldatak, lan politikak, justizia soziala eskatzen dizkiegu geure ordezkariei, geure gobernuei. Baina ezin. Geure gobernuak “merkatuen” gatibu bait dira. Baita gu ere. Nik zera espero nuen ordea, geure ordezkarien artean buruzagirenbat egotea, eta behar den garaian garraisi bat bota ondoren ditxosozko “merkatuak” berriro ikuiluan sartzea. Inoiz utzi izan behar ez zuten ikuiluan. Baina ez zaigu buruzagirik gelditzen. Agintariak bai, baina inongo liderrik ez. Eta noski, potroak hazi zaizkigu. Demokrazia denontzako nahi badugu. Legeak denentzat nahi bait ditugu. Kartzeletako ateak edonolako kriminalen sudur aurrean istea nahi bait dugu. Ez kaleetan dabiltzan gaizkileentzat bakarrik. Bulegoetako gaizkileek ere eskubide osoa dute geure kartzelak ezagutzeko.
Ufa… Agian gehiegitxo luzatu naiz. Laburbilduz: Ekonomia Ministegi bat nahi dugu. Ekonomia kontrolatu nahi dugu. Geure lege sisteman, geure justizia sisteman sartzea nahi dugu ekonomia. Baina lasai egon zaitezte politikari jaun/andre txit agurgarriak: gutariko asko eta asko konformatuko ginateke berreskuratutako botere hori zuen eskuetan utzita. Nahiz eta kale egin diguzuen, lapurrak zuen artean ibili diren, gezurti xamarrak izan zareten, gehiengo haundi eta zabal batek igande hontan botoa emango dizue. Inork ez zaituzte boteretik baztertu nahi, ez al duzue ulertzen? Zuei botere gehiago eman nahi dizuegu!!!
Eta beno, ez balitz posible izango Ekonomia Ministegi bat sortu eta edukiz betetzea, proposamen iraultzaile bat daukat: banketxeetako zuzendariak hauteskundeetan erabakitzea. Joño! Edo gaur egungo Ekonomia ministegia bankuen artean edo enpresa transnazionalen artean saltzea enkante bidez.
Demokratok hauteskundeak nahi ditugu, nola ez. Baina hauteskundeetan hautatutakoek geuk emandako boterea kudeatzekotan. Bestela ezin bait zaio demokrazia deitu. “Demos”ak hautatu bai, baina “Kratos”ik ez baitu kontrolatzen.
Eta hemen amaituko dut, utopiak eta ametsak beste baterako utziko ditudala esan bait dut.* Ez dut esan nahi orainarte esandakoarekin nahikoa dudanik. Ez da hori, ez. Nahi dudana zera bait da: zoriontsua izatea. Baina ez ni bakarrik, ingurukoak ere bai. Urruneakoak ere bai, ordea. Nire zoriontasunak munduaren beste puntan heriotzik ez sortzea da nahi nukena. Silvioren “Pequeña Serenata Diurna” kantan zion bezala.
Ondoloin denoi. Eta hirietako plazetan zaudetenoi animo!!!! Eutsi goiari!!!
*Baina ez legoke batere gaizki jakiekin espekulatzen dabiltzanak, Chicagoko bulegoetatik atera gabe, suziririk erabili gabe, lotsik gabe hildakoak eragiten dituzten kriminalak kartzelaratzea; 3.munduko langilegoa esklabutzara bultzatu nahi dutenak, haurren osasunarekin jolasean dabiltzanak, 40 urte lan egin duenaren erretiroa Ordiziako gazta enkantea balitz bezala erabiltzen dutenak kartzelaratzea; gerrateak sortzeko istiluak sortzen dituztenak, herriak suntxitzeko armak egin eta biztanleak akatu ondoren “nazio berria askeak” berreraikiz aberasten direnak Antartidara bidaltzea. Nazioen “erreskateak” diseinatzen dituztenak geuk “erreskatatzea”. Nazioak enpresa bezala ikusten dituztenak Bangladesheko enpresetan lanean jartzea. Idaho, Ohio edo Wisconsingo analfabeto baten botoak Abaltzisketako, Lyongo, Beijingo edo Cairoko analfabeto baten botoaren adina balio izatea, eta ez orain bezala. Idahoko leloetan leloenaren botoak EHUko katedradun batenak baina gehiago bailo bait du; giza eskubideak mundu guztian betetzea, goseteak desagertzea, natura errespetatzea, gizakia aske izatea, justizia globala lortzea, pakea…




