Komunismo banatua: Testuingurua (1/3)

Ondorengo idatzi hau BakalHau taldekoek egina da. Benetan interesgarria iruditu zait eta hemen duzue ezagutzen ez duzuenentzat:
 

“Azken urtetik hona lagun batzurekin (BakalHau, Las Indias, Blogsoviet) bizi ditugun garai berri hauen inguruan eztabaida interesgarriak izan ditugu. Askotan termino marxistak erabili izan ditugu eta kezka beti hor dago; Nola uztartu gaurko gaiak eta marxismoaren ikuspuntua.

Argi dago teoria marxista jendartea aztertzeko tresna oso garrantzitsua izan dela. Marxen liburuak munduko liburutegi guztietan berriro ere modan jartzeak honen garrantzia azpimarratu besterik ez du egiten. Eraldaketa momentu batean bizi gara? Zein dira alternatiba posibleak? Nola txertatzen da Internet eta honek ekarritako deszentralizazioa pentsamendu marxistan? Nola eguneratu beharko litzateke?

Gai potoloak eta oso eztabaidagarriak dira aipatutakoak. Horregatik gure ekarpen txikia egin nahi dugu, gai horiek guztiak aztertu baino, ekoizpen-moduan eta egitura berrien inguruko hausnarketa eginez. Horretarako Komunismo banatuaren trilogia abiatu dugu, eta hiru mezutan gure ikuspuntua azalduko dizuegu, egin nahi dituzuen ekarpenetarako eztabaida irekiz.

——-

Krisi kapitalista hau, sistemaren krisi ziklotatik haratago doa. Metaketa kapitalistak sortutako krisi ekonomikoa izateaz gain, krisi ekologikoa eta krisi soziala atxikitzen zaizkio. Zizek-ek dioen bezala munduaren akaberan bizi gara, baina horrek aukera berriak irekitzen ditu. Ez neoliberalek askotan errepikatutako “edozein krisi, aukera bat da” esaldi nazkagarriaren eta maltzurraren zentzuan, baizik eta egoerak aldatzeko gaitasunari dagokionez. Oraingo errealitateetatik abiatuta utopia berriak eraikitzeko aukera aurreikusten delako. Utopia, eraldaketa lortzeko premiatik ikusita, egoera jasanezinaren erantzun gisa.

Oraingoan krisi ekonomikoa, krisi finantzario batetik eratorria da. Ez batzuek dioten moduan banku batzuek mozkina lortzearren egindako ekintza maltzurren eta gezurtien ondorioz; hori beti izan da horrela. Izan ere, atzean dagoen metaketa logikak bultzatuta, kapital finantzarioak inbertsioak egiteko eskala handiko proiektuak lortzeko zailtasunak daude oinarrian. Inbertsio horiek egiteko zailtasunen aurrean burbuilak sortzen dira eta burbuila horiek lehertzean krisi sakonak eragiten dituzte. Gainera arazoa larriagotzen ari da, zeren kapital akumulazio prozesu berriak sortzeko ezintasun gero eta handiagoek kapital hauek biziarentzat eta jendartearentzat biziraupenerako oinarrizkoak diren esparruetara eramaten ditu, ondorioz, eta beharrezkoa dutenez, sortutako krisiek jendarte osoaren biziraupena bera kolokan jarriko dute.

Mozkinak eta akumulazio prozesu berriak lortzeko ezintasun horren aurrean, klase dominatzaileak konturatu dira estatu demokratiko burgesa ere, beraiek sortua eta mantendua klaseen arteko arazo konponezinak baretzeko, oztopoa dela gaur egun kapitalarentzat espazio berriak bilatzeko. Kleptokraziarekin nahikoa ez eta estatuaren kontrol osoa lortu nahi dute.

Ekonomiaren teknokratak nahi dituzte buruan eta horrekin batera estatu demokratiko burgesaren askatasunak ere sobran daude. Estatuen kontrol osoa, beharrezkoa diren produktuen kontrola eta espekulazioa, jabetza intelektuala arautzeko legeak, iraultza biogenetikoaren emaitzak kontrolatzeko grina… Egunero ikusten ditugun albiste eta erreformak horren aztarnak besterik ez dira. Teknokratak? Teknokrazia bera konstrukto ideologiko bat da eta diskurtso ideologikoa erabiltzen dute, nahi dituzten helburuak lortu ahal izateko. Ez da zientzia bat, beraien helburuak lortzeko ideologia dominatzailea baizik.

—————

Hala ere, esperantzarako garaiak ere badira. Sistemak berak erakusten duen dekadentzia argia da, jada ez du balio, oraingo forman bada. Marxek aurreikusi bezala, sistema berak bere buruaz beste egingo duela pentsatu daiteke. Ikusten diren zantzuak ez dira dekadentziarenak bakarrik, izan ere, sistemaren barnean ikusten denprodukzio modu berri baten lehen printzek ere asko erakusten digute.

Inperio erromatarra erortzean, inperioaren periferietan kontrolik gabe gelditu ziren asentamentuek jada ez zuten erromaren beharrik, eta produkzio modu propioak garatzen hasi ziren. Esklabuak askatu eta ekonomia autonomoak garatu zituzten. Feudalismoan ere jauntxo batzuk, erregearen kontroletatik at zeuden lurretan, antzeko gauzak egin zituzten. Ondoren etorriko ziren momentuko sistemen aurkako iraultza eta altxamenduak, baina jada produkzio modu berriak era oso primarioan hortxe zeuden.

Garai bakoitzean etorri behar zen produkzio modu berriaren aztarnak zeuden. Hauek, bere momentuko komunikazio tresnen ondorio ere baziren, baina orain ba al da produkzio modu berri baten aztarnarik gurean? Goiz bada ere badirudi jabetza komunaren inguruan, proguztiaren, herri-lurren (commonsaren) inguruan badela behintzat ezberdina den produkzio modu bat. Software libreak horixe erakusten du lanaren etika ezberdin batekin, denontzako den jabetza bat osatuz eta birsortuz, gauzak sortzeko gaitasuna dagoela.

Produkzio modu berri hori, produkzio modu bezala berria da eta jada ez da softwarera mugatzen. Softwarearen kasua lehenetarikoa izango da, kapitalaren dependentzia handirik ez dagoelako seguruenik, eta berrikuntza beharra handia delako. Esan daiteke produkzio modu berri honetan (baldin bada bere era enbrionario horretan) erabilera balioa, truke balioaren gainean lehenesten dela. Teoria ekonomikoan Urrutiak definitzen duen errenten disipazioa ematen dela. Erabilpen balioa hobesten denez, sortzen den hori behin eta berriz erabili, berritu eta berrerabil daiteke, hobetuz. Horrek etengabeko berrikuntzara bultzatzen du, truke balio soilaz errenta artifizialak sortzeko ezintasunarekin.

Produkzio modu hori orain arte deskapitalizaturiko arloetara iritsi da batez ere. Deskapitalizatutako arlo horietan ezagutza bera eta produkzio baliabideak  langileen esku daude. Baina orain horietatik kanpo ere p2p produkzio modua deituko diogun horren aztarnak ikusten ditugu.

Lehen baino kapitalizazio  gutxiago behar duten arloak ikusten ditugu, horrek produkzio baliabideak lortzeko erraztasun handiagoak ematen ditu. Jakintza ere herri-lurrek osatzen duten ezagutza publiko biltegi horietatik dator. Gaur egun 3d inprimagailuakhegazkin txikiak, lurra lantzeko behar diren tresneria mekanikoak,kotxeak… sortzeko behar den ezagutza sarean dago eta publikoa da.

Ez al dira  hauek produkzio modu berri baten lehen aztarnak? Behintzat gaur eta orain “bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera” esaldia errealitate bihurtzen duten ekimen, enpresa, elkarte… giza taldeak dira. Batzuek honetan kapitalismo aurreratu bat ikusiko dute, beste batzuek aldiz post kapitalismo bat, baina ez al da errealagoa esatea sozialismo mota berri baten aurrean gaudela?

Marxek  kapitalismoari bere papera ematen zion komunismoaren bidean. Sozialismoa lehenengo eta ondoren komunismoa posible egin ahal izateko kapitalismoaren bidez azpiegitura eta baliabideak sortu beharko ziren. Horiek ziren etorkizuneko gizartea eraikitzeko lehen tresnak. Marxek berak kooperatibak sortzeko beharra behin baino gehiagotan aipatzen du bere testuetan. Kapitalismoaren barnean langileek sor dezaketen egituraketa modua bezala.

Oraindik ez dakigu ikusten diren aztarna guzti hauek produkzio modu berri oso baten hastapenak diren, baina arlo batzuetan gertatzen ari den bitartekarien desagerpena ere argia da. Ekoizle-erosle eredua eta bere balio katea hartuta, zenbat dira gaur egun erdian sobran dauden bitartekariak? Digitalizazioaren kasuan argia da, baina prozesua berdina da beste hainbat kasutan. Internet eta komunikazio tresna berri eta banatuek bitartekarien beharra txikitu dute eta aldi berean produkzio baliabideak ere gero eta merkeagoak egin dituzte.

Marxismoak, bere garaiko beste mugimenduek bezala telegrafo eta sare deszentralizatuak dituzte beraien pentsamenduaren eraikuntzaren oinarrian. XXI. mende honetan sare banatuak eta p2p produkzio moduak oinarri izango badira, eredu banatuetan pentsatu beharko ditugu paradigma guztiak. Marxen teoriei balioa kendu baino, Newtonen ideiak Einsteinen begietatik ikustera behartuta gaude.  Ideologia berri honi, utopia berri honi, komunismo banatua deituko diogu.”

Bakalhau-en ikusi nahi baduzu: http://bakalhau.info/2012/06/20/komunismo-banatua-testuingurua-13/

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s