Artxiboak hilabeteka: Otsaila 2012

Ez zaituztet behar

Bitan irakurri dut ditxosozko manifestua. Zer? Ez zaretela enteratu? Ez dakizuela zertaz ari naizen? Nola da posible? Mundua aldatuko duen manifestu bat idatzi berri dute gipuzkoar ekintzaile (emprendedor) batzuk eta zu hor eserita lasai-lasai? Irakurri nahi baduzu (zuk ikusi…) hemen duzu:

http://www.diariovasco.com/v/20120226/opinion/articulos-opinion/queremos-contratar-20120226.html

Zer moduz? Egin duzu komonetik buelta ezta? Ahaztu egin zait manifestua irakurtzeak dituen ondorioak esatea. Nik Diario Vascon topatu nuen aurrenekoz, eta hori gutxi ez balitz, sare sozialetan manifestu honi buruzko iritzia galdetzen hasi ziren sinatu dutenetako batzuk, lotsagabe. Edo sinatu dutenetako lotsagabe batzuk. Berdin dio. Eta galdetu dutenez erantzun egin behar.

Eta erantzuna argi daukat.  Xabier de la Maza eta “foro de emprendedores de ADEGI”-ko beste 34 sinatzaile jaun txit agurgarriak:

Ez zaituztet ezertarako behar. Ez jaunak. Nik Gipuzkoa eta Euskal Herriko etorkizunerako nahi dudan gizartean ez zaituztet ezertarako behar. Soberan zaudete. Gehiago esango dizuet. Etorkizuneko ametsetako nire gizarte ereduan soberan zaudete, baina gaurko gizarte ereduan ere bai. Ametsetan eta errealitatean, gaur eta bihar. Ez zaituztet behar. Ez zerate dauzkagun arazoentzako soluzioa. Ez zuek eta ez zuen enpresak. Eta oso fin ari naiz hitzegiten. Gogorxoago ere izan naiteke. Singularrez ari bait nahiz baina erraz esan bait dezaket “Ez zaituztegu behar” eta ez nintzateke oker ibiliko. Baina niri ez zait beste batzuen izenean hitzegitea gustatzen. Esan dezaket baita ere nik nahi dudan gizartea lortzeko oztopo zeratela, eta ez nintzateke gezurretan ibiliko hori esango banizueke. Baina ez dizuet esango. Gaur flexilasai bait nago.

Aitortu behar dut zuen manifestuko gauza batzuekin farre algarak atera zaizkidala. Zuen bokazio internazionalistarekin adibidez. Ideiak kanpotik hartzen dituzue zuek eta zuek bezalakoek. Danimarkakoa ona dela, Luxenburgokoa bikaina omen, edo Marokokoa ez dela txarra… Hori bai ideiak ekarri bai, baina nahastu ez, ojo! Luxenburgotik zergak ekarriko zenituzkete. Zuentzako zergak, ez guztientzakoak. Danimarkatik flexiseguritate eredua. Batez ere langileentzako, noski. Zuek, punta-puntako ekintzaileek, egonkortasuna maite bait duzue. Egonkortasuna gobernuetan, zuen aldeko direnean, noski. Egonkortasuna zuen enpresetako etekin edo irabazietan, merkatuek ez bait dute oso ongi ulertzen etekinetan gora-behera haundirik, ezta zuen kontzientzia sozial ustelak ere. Flexilangileak behar dituzue. Beste era batera esanda Kleenexlangileak. Hori bai: ez dadila inor ausartu flexiekintzaileak eskatzen. Gizarteak enpresari egonkorrak eta sendoak behar bait ditu, noski. Inolaz ere ez flexienpresariak. Eta Marokotik ze maiteko, soldatak noski. Hor ordea guztiontzako nahi dituzue Marokoko soldatak. Zuentzako erregearenak eta guretzako Agadireko merkatarienak. 

Jaunak, ea asentatzen zareten. Erabaki nora begiratu behar dugun denok. DENOK diot. Iparraldera? Hegoaldera? Zuek Danimarkako bizi kalitatea nahi duzue Luxenburgoko zergak ordainduz eta Marokoko langileak kontratatuz. Sentitzen dut, baina ezin da. Tranpa da hori. Zenbatek sinatuko ote genuke Danimarkako eredua guztiontzako? GUZTIONTZAKO diot. Danimarkako flexiseguritatea, Danimarkako soldata eta zergen truke. Baietz nik sinatu eta zuek ez! Arazo bat duzue: Euskal Herrian bizi zarete. Ez Danimarka, Luxenburgo, Maroko edo Zambian. Negozioa hemen egin nahi duzue eta eskeintzen dizkiguzuen kondizioak ez dira Euskal Herrikoak. Horregatik berriz diotsuet: hemen ez zaituztet behar. Segi Danimarka, Luxenburgo edo Marokora zuek eta zuen enpresak. Joko horretan jarrai dezakezue, oso dibertigarria egiten zait. Eska ditzazkezue Saudi Arabiako petrolio putzuak Bizkaian edukitzea, Norbegiako negua ere eska dezakezue, asko maite bait duzue erreka izoztuetan patinatzea. Monakoko kasinoak Donostian, Alpeetako eski estazioak Pirinioetan, Hawaiiko olatuak Baionan, Serengetiko Parke Nazionala Nafarroako Erriberan, safaritxo batzuk tarteka egiteko, Kaiman Uharteetako banketxeak Gasteizen…

Beste gauza bat esango nizueke axola ez bazaizue: Zuek lana eskeintzen duzue, baina lana eta eginkizuna nahasten dituzue askotan.  Eta horri nere herrian ez zaio lana esaten, lanbidea bazik. Eta langabezian daudenek ez dute lanbiderik behar, ez jaunak. Enplegua behar dute.  Hiztegirik aurrean edukiko ez duzuenez hemen doakizue Enpleguren definizioa: bizibidea ateratzeko erabiltzen edo egiten den lanbidea. Ah! “bizibidea atera” dionean langilearen bizibideaz ari da, ez esplotatzaile-ekintzailearenaz. Bizibidea ateratzeko ez bada zertarako behar dut ordea? Ba bizibidea ateratzeko balio ez badit eta hori bada zuek behar duzuena, argi dago: zuei bost axola nire bizibidea.

Zuek eta ni bi muturretan gaude. Ez dugu ezer amankomunean. Orain ez dituzue nire beharrak betetzen eta etorkizunean ere ez dizkidazue beteko. Ez zaituztet behar. Ez zaituztet nirekin nahi. Zuek ordea ni bezalakoak behar dituzue, baina ez dituzue nire eskubideak onartu eta babestu nahi. Esaidazue beraz zergatik babestu eta onartu behar ditudan nik zuen eskubideak. Ongi bait badakit nire ametsetako Gipuzkoa eraikitzeko oztopo zeratela. Ni zuentzako bezala. Horregatik diot: etorkizuna eraikitzean argi dago eduki behar dugun borroketako bat: zuek edo ni. Bakeroen pelikuletan esaten zuten bezala, ez dago denontzat tokirik herri txiki honetan. 

Ez nauzue gehiegi arduratzen ordea. Badakit nolakoak zareten eta nolakoa den zuen Gipuzkoarekiko maitasuna, lurra gizartea eta sustraiekiko duzuen lotura. Horiek bai fleximaitasuna eta flexilotura. Hemengo zerga edo baldintzak gustoko ez dituzuenean segituan aldatzen bait zaizue gipuzkoartasuna Shangaitasuna, Genevatasuna edo Txekiatasunagatik. Ba ondo ibili, maripili.

Baina hemen zaudeten bitartean jakizue gauza bat: ahal dudan guztia egingo dut hemen zaudeten bitartean bakean senti zaitezten. Flexibakean noski. Eta zoriontsu. Flexizoriontsu. Eta amaitzeko zera, badakizue zer zulotatik sar dezakezuen zuen manifestu hau ezta? Ba bai, zuen kontzientzia sozial eskaxak bihotzetan utzi dizuen zulo sakon hortatik.

Flexiadeitasunez agurtzen da zuen flexiserbitzari flexileiala.

Txapis Otegi.

Xabier de la Maza, Andoni Munduate eta “Foro de emprendedores de ADEGI” osatzen duzuen guztiei, eta manifestu famatua sinatu duzuenei dedikatua.