Badoa 2011 urtea aize freskoa hartzera. Arratsalde euritsu bat, lanbroa, sua piztuta, pago egurraren usaina… eta beti bezala Itoizen musika jo eta su urteari agurra ematen. Bertso ezin hobeak ate bat itxi eta atzera begira eta begira behin eta berriz ibili gabe iha lehenaldi den urte honi agurra emateko:
Hemen ezer galaraztu gabe
beste mundura noa, haizak anaia
bizitza hontan, mundu zikin hontan
atxipetua izan naiz, jostailu bat
aldarri batekin deitzen nau heriotzak
gau erdi hontako bakardadean
orain ezin dut ezer galaraztu
abere bat bezala bizi izan naiz
bihar, bihar hil egingo naiz
lagundu nazu
bihar hil egingo naiz
nere hilzoriaren erdian
pentsatzen nago heriotzarekin
eta ikusten dut ehun dara hilak
ezkilaren doinu jarraituak
aldarri batekin deitzen nau heriotzak
gau erdi hontako bakardadean
orain ezin dut ezer galaraztu
abere bat bezala bizi izan naiz
bihar, bihar hil egingo naiz
lagundu nazu
bihar hil egingo naiz. (Itoiz, Hilzori II)
Melankolia edo zer den ez dakit, baina badira jada urte batzuk kanta hau eskeintzen diodala hilzorian den urteari. Ez zait gustatzen azken eguneko azken orduak atzera begira egotea, hain tipikoa den errepasoa eman, balantze bat egin edo horrelakoetan denbora galtzea. Balantze, balorazio eta antzerakoak gauzak gertatzen diren einean egitea gustatzen zait, eta horregatik agian urtea akabatzeko gogo hau.
Aurrera begira nabil azken denbora honetan, iha hanka puntatan jarri, lepoa ahal bezainbeste luzatu eta ingurukoen buruen gainetik urrunean zerbaiten bila dabilena bezala. Urte lanbrotsuak datorzkigu baina urruneko eguzki printzetan dut jarria begirada. Indartsu nago, gogotsu. Eta iha ausartu naiz itsaropentsu nagoela idazten, baina gehiegitxo idaztea litzateke, gezurra litzateke. Berdin dio… itsaropentsu edo ez bidean dut gogoa, eginean, ibilian, borrokan, eraldatzean. Itsaropenetik urrun, urrunegi agian, baina etsipena putzuan ondo sartuta, baztertuta, galduta.
Desio politen unea izaten da hau, eta aurten erraza izan zait hitz dotore eta sakon batzuk aurkitzea. Sarean murgilean iritsi zait azken denboraldian buruan burrunban darabildan esaldia. Eta urte berrirako desio bezala ezin hobea iruditzen zait. Horrela irakurri nuen duela egun batzuk:
¡Compañero! Que nadie te convenzca de que el placer que empieza y termina en uno mismo puede remotamente compararse con la satisfacción de intentar cambiar el mundo.
Gustatuko litzaidake autorea zein den jakitea, baina ez daukat ideiarik ere. Nik euskaratu egin dut, edo saiatu egin naiz behintzat. Eta datorren urterako opa dizuedana hauxe da:
Inork ez diezazula buruan sartu norberarengan hasi eta amaitzen den plazerra urrundik ere konpara daitekeenik mundua aldatzen saiatzeak ematen duen bizipozarekin.
Zorionak eta urte berri on denoi.



