Egun zailak dira hauek Japoniarrentzat. Eta nork daki noiz arte izango diren zailak. Ziurrenik ere zailenera iritsi gabe daude ekialde urruneko herrialdean. Izugarrizko trajedia bizi dutena.
Asko ari gara entzun edo ikusten japoniarren jokabideari buruz. Gehienetan hitz ederrak esaten ari zaizkigu edabideetan japoniar herriaren jokabideari buruz. Haien bai disziplina! Haiena ordena! Haiena lasaitasuna! Eta bai, ukaezina da Japonian gertatutakoaren ondoren herritarrek duten jarrera, mendebaldeko herritarrontzat iha ulertezina dela. Lausengu ugari ari gara entzuten.
Ez dakit, ez ditut japoniar kultura eta ohiturak batere ezagutzen, eta beraz ez noa jokamolde hoiei buruz epairik botatzera. Baina gogoetatxo batzuk egin nahi nituzke.
Lausenguak lausengu, ez dakit ez garen japoniar bizimoldea zertxobait idealizatzen ari. Bai, dudarik gabe japoniar kultura milurtekoa da. Dudarik gabe Budismoak, Sintoismoak, Taoismoak etabarrek ukitu berezia eman die japoniarrei. Ohoreari balio haundia ematen diotela ere bai. Disziplinatuak direla ezin da zalantzan jarri. Baina kontxo! Badirudi japoniar guztiak samuraiak direla, ikebana praktikatzen dutela beraien lorategietan, haikuak idazten dituztela, karatea eta bushidoa…Badirudi, japoniarrak uneoro Zen tradizioa jarraituz bizi direla, nolabaiteko Nirvanara iristeko. Eta berriz diot, ez dut tutik ere ulertzen kultura honi buruz, beraz litekeena da horrela izatea.
Baina itxaron pixka bat. Irudimen ariketa bat egin nahi nuke: demagun japoniarrek duten jokamoldea guk dugula. Bai, badakit ez dela erraza. Guk istiluak Eroskiko ordainlekuetan ere sortzen ditugu bost minutu zain egon behar izanez gero. Edo tortilla pintxoak debalde jartzen badizkigute herriko pilotalekuan. Hor goaz denak arrapaladan. Baina imaginatu japoniarren disziplina geureratzen dugula. Zer idatziko lukete gutaz hemengo edabideek? Nik horrelako titularrak irudikatzen ditut: “Euskal Herritarrak erabat alienatuta ezbeharraren aurrean”, “Herritarrak noraezean”, “Etsipenak gerarazita”. Euskal Herriko edo estatuko egunkarietako lehen orrialdeetan erraz irudikatu ditzazket hizki potolo haundiz osatutako titularrak.
Egia esan ez dago irudimena gehiegi erabili beharrik. Ez ditut japoniako egoera eta geurea konparatu nahi, konparaezinak dira. Baina nola uler daiteke ehuneko 20ko langabezia dagoen herrialde batetan istiluak ez egotea? Nola uler daiteke 4.696.000 langabetu dauden herrialde batetan elkarri muturrekoka ez aritzea? Japoniarra milurteko kultura dela egia da. Baina geurea ere ez da atzo goizekoa. Japoniar askok atzo entzun ahal izan zuten beraien enperadoren ahotsa lehenbizikoz. 22 urte egin ditu Akihitok bere herriari txintik esan gabe. Hau miresgarritzat artzen dugu, enperadorea erdi sakratua bait da Japonian. Goraipatu egiten dugu atzo Akihitok eman zuen pausoa. Mendebaldeko errege edo erlijio buru bat 22 urtez isilik egongo balitz kristorenak eta bi esango genizkioke. Parasitotzat hartuko genuke. Japoniarren jarrera disziplina eta obedientzia barruan ulertzen ditugu, eta geure jarrera pasotismo edo komodidadearen barruan.
Oso geurea da kristoetxeko kultura goraipatzea nahiz eta tutik ere ez ulertu, geure kultura eta ohiturak suntxitzen ditugun era berean. Kanpokoa beti hobea, eta hurrundik baldin badator, hobeto.
Miresgarria japoniarrena, bai. Zen jokabidea, Ikebana, Karatea eta Aikidoa, zaharrekiko errespetua, enperadorearekiko sumisioa, teknologia…Baina ez ahaztu Shin-Chan, Doraemon eta Pokemon ere japoniarrak direla. Eta ez dakit zuek, baina nik ez dut Zen Budismoaren arrastorik ere aurkitzen marrazki bizidun hauetan. Telebista saio hauetako gidoilariak psikologo argentinar batek hartuko balitu! Eta zer diozue “Humor amarillo” telebista saio zaharrari buruz? Guk egingo bagenitu horrelakoak..eneee!!
Japoniar kulturari buruzko iritzia, Mexiko eta Guatemalako Maya kulturarekikoaren antzekoa dela iruditzen zait. Beti goraipatu dugu Mayek zuten kultura aurreratua. Matematiketan fenomenoak ziren, astronomian, eraikuntzan eta beste mila gauzatan. Miresgarritzat jo izan zaigu Mayen zibilizazioa. Eta bai, niri ere miresgarria iruditzen zait, baina ez dugu ahaztu behar Mayen kultura erabat desagertu zela. Eta badirudi elikagaien iturriak, naturaren baliabideak agortzea izan zela desagertze horren arrazoietako bat. Eta bestea hiri desberdinen arteko borrokak. Beraz zibilizazio miresgarria bai, zientzian aurreratua ere bai, baina pott!! Ezer gutxirako balio izan zuen jakintza guzti horrek.
Eta beno, amaitzeko argibidetxo bat: izenburuko esaldia japoniar esaera zahar bat da. Eta nik behintzat disziplinaz haratagoko ondorioak ateratzea posible dela iruditzen zait esaera horretatik. Sumisioa? Etsipena?
Zenbat denbora daramagu mendebaldeko herrietan esaera zahar horrek diona aplikatzen? Pasotismoak jota gaude, axolagabekerian bizi gara, edo Zen budismoan murgilduta gaude?
Saionara!
Atsegin dut:
Atsegin dut Kargatzen...